Hileko artxiboak: maiatza 2026

“Argazkigintza arkeologia” Erremendian?

Euskal Herriko eremu geografiko osoan instalatu ziren aireko baso-kableen bilduma eta inbentarioa “argiago” geratzen da gaiari buruz gordetzen diren argazkiek ahalik eta deskribapen eta testuinguru zehatzenak badituzte: Noiz, non, nork egin zuen argazkia eta argazkian nortzuk agertzen diren jakin badakigu. Eta hau dena, gure aurrekoek ezagutu zuten basogintzaren berri izateko lagungarri gisa.

Oraingo honetan, “argazkigintza arkeologia” lan bat egingo dugu, eta auzolan digitaleko ariketa batean ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara, egun berean Erremendiaren kable gisa ezagutzen den kable batean hartutako hiru irudiren bidez.

Irudiak eskuzabal utzi dizkit digitalizatzeko Artozkikoa den Urrizalqui-Cervantes sendiak bere etxeko albumean gordetzen dituelarik. Argazkiek 53x53mm. neurtzen dute, ez dugu negatiborik eta 1200ppp. erresoluzioan eta .tiff formatuan digitalizatu dira, horietako bat ere 4800ppp.etara, baina azken hori oso artxibo digital handia da, eta erabiltzeko ez da erosoa..

Nolanahi ere eta gaiari heldua orduko, Orotz-Betelu eta Artzibarreko nagusiek “el cable de Remendía” gisa ezagutzen zuten azpiegituraren deskribapen labur bat:

Zer zen Erremendiako kablea?

Aireko hiru kablez osaturiko instalazio bat izan zen, orotara 17 km. hartzen zituena eta Zaraitzuko Ibaxaren Batzorde Orokorraren jabetzakoa den Erremendiako 18. fazeria -1427 hektareakoa- Orotz-Betelun Irati ibaiarekin fisikoki lotzen zuena. Mendiko pagadien ustiapena El Irati, S.A. enpresari esleitu zion Batzordeak 1934an, eta honek beharrezko azpiegituren instalazioa Bixente Eskisabel Urbiztondo kablelari ataundarraren enpresari azpikontratatu zizkion. Ustiapena 1950eko hamarkadara arte martxan izango zen.

Ados. Kontestua ulertu ondoren, ikusi ditzagun irudiak eta jarraian dakigunaren, uste dugunaren eta ez dakigunaren xehetasunak aztertuko ditugu.

Oharra: Langileen identifikazioan lagungarri izango delakoan, hiru irudiren seriean agertzen den langile bakoitzari zenbaki bat esleitu diot; izan ere, hiru argazkietan agertzen diren gutxi batzuk dauden arren, batzuk argazki batean baino ez dira agertzen, eta protagonistak kokatzea zaila izan daiteke. Irudiak neurri handiagoan ikusteko, bere gainean sakatzea aholkatzen dizut, tamaina handiagoan ikusteko. Eta deskargatzea, jakina..

Erremendia01 (taldeko argazkia)

ZER IKUSTEN DA?
Kableko langileen familiko argazkia, ziurrenik Erremendiako kablean. Beraien atzean txabola baten teilatua, pilona bat eta azkenik garabi bat. Argazkia geokokatzen lagungarri izango litzaken mendi baten trazarik ez da ikusten. Argazkia denboran kokatu dezagun, arreta jarri dezagun Zenón Urrizalquirengan. Bertakoa den Oscar Ramos Cabodevilla ikerlariak, Zenón soldaduskatik 1947an bueltatu zen eta itzuli bezain pronto lanean hasiko zela suposatzen da. Bixente Eskisabel aldiz, 1955ko otsailean zendu zen, ondorioz, zortzi urtetako tarte bat dugu argazkiak denboran kokatzeko. Zeozer badakigu.

Pilona01 (taldeko argazkia)

ZER IKUSTEN DA?
Aurreko argazkian agertzen diren pilona eta kokapen berbera, baina antza denez, txabolatik gertuagotik hartutakoa. Lehenengo argazkiko hainbat langile hemen ere agertzen dira, hala nola, Zenón 1. zenbakiarekin zutik goikaldeko kabezalean. 4., 6., 7., 8., 9. eta 10. zenbakidunak ere lehenengo argazkian daude. Atzekaldean mendi bat eta baso bat igartzen dira baina bere itxura igartzea ezinezkoa da.

Pilona02 (taldeko argazkia)

ZER IKUSTEN DA?
Misma ubicación que la primera foto grupal pero tomada desde el otro lado de la pilona. La disposición de la pluma de carga a la izquierda de la pilona, así lo atestigua. También podemos ver aquí a algunos de los trabajadores de la primera foto de familia.

Aurrekaldean, 7., 8., 9. (ardo zato bat eskutan duela) eta 4. langileak lehenengo taldeko argazkian agertzen dira.

13. langilea (engominatua), aurreko argazkian agertzen da eta 15., 16., 17. eta 12. langileak bigarrengo argazkian agertzen dira.

Kabezalaren gainean:
Zenón Urrizalqui, -1. langile gisa markaturik- eta 6. langilea, kabezalean eseririk agertzen dira, eskubitara. Bere alboan, 10. langilea eta honen eskubian ardo tragoxka bat zatoarekin dagoena, 14. langilea.

Argazkiaren tamaina handiko digitalizazioari esker, irudiaren lehen bertsio txikietan oharkabean geratzen ziren instalazioko hainbat elementu bereiz daitezke. Badirudi puntu honetan kable nagusia eta menpeko kable baten linea elkartzen zirela. Erremendian izan daiteke? Posible da, baina EZ DA segurua.

ETA EZKERRALDEAN IKUSTEN DEN MENDIA ETA ESKUBIALDEKO ALDAPA?

Tamalez, Erremendia oraindik ez dut ezagutzen eta ez ditut inguru horietako paisaiak ezagutzen; beraz, hemen jasotakoak IDENAko bisorean etxeko erosotasunetik tiraka egindako aieru hutsak dira. Nolanahi ere, eguzkiaren kokapenari, urtaroari eta kablearen ibilbidearen kokapenari erreparatuta, hondoko mendi hori Zamukadoiaren muinoa dela esatea ausartuko nintzateke eta eskuineko aldapa aldiz, Arnazuko lepoaren gaineko muino bat izan baitaiteke. Baina berriro diot, Areta mendilerroko inguru horietan oraindik egon ez den gizaseme honen aieru hutsak dira.

LABURBILDUZ…

Ez daukat batere argi pilona honen eta langileen kokapena. Erremendia da? Litekeena da, baina ez da ziurra. Langileetako baten bat identifikatzea lortuko bagenu, pagotxa!

Ea lortzerik daukagun!