Bixente Eskisabel “Finca Rompesacos” sailaren jabe?

[Artikulu hau ES hizkuntzan ere irakurri dezakezu.]

Inazio Munduate zenak eta biok Bixente Eskisabel kablelari ataundarrak 900 hektareatako -harrapazak- mendi baten jabetza Huesca aldean izan zuela Martin Landaren eskutik entzun genuenean, aho bete hortz geratu ginen. Eskisabel familian inorrek ez zeukan horren berririk.

Martinek pista hau 2013an eman zigun eta Martinek esandakoa horrela izan zela ziurtatzeko garai hartan ez genuen gehiago sakondu. Informazio osagarriren faltan ikerketa ildo harrigarri hau bere horretan utzi genuen.

Aurtengo ekainaren 8ra arte.

Otsagabian eman nituen bi hitzaldien ondorengo solasean Martini 2013an esan zigun kontuaz berriro galdetu nion eta orduan esan ziguna berrestearekin batera, informazio osagarria eman zigun:

«Tu abuelo tuvo en Huesca, en Bailo, un monte de 900 hectáreas. La finca se llama Rompesacos. Eso está pasando Puente la Reina de Jaca y a la derecha»

Bazen helduleku sendoagoa. Informazio horrekin eta Googlen laguntzarekin “Rompesacos” izeneko sail hau agertu zen lursailen salerosketen atari batean. Redios, Martinek 2013an esandakoa egia zen orduan.

Beraz, egun salgai dagoen 688 hektareatako Rompesacos izeneko saila -ez da broma- badela ziurtatu nuen, baina sail hori XX. mendeko erdiko hamarkadetako uneren batean nire aitonaren jabetza izan zela frogatzea beste kontu bat da.

Ekainean eta uztailean Huescako Jabetza Erregistroari eta Katastroari egindako informazio eskaerak alperrikakoak izan dira. Ez da “Vicente Esquisabelen” inongo aipamenik ageri. Huescako Katastroko zuzendariak Huescako Diputazioaren Artxibo Historikora jotzeko aholkatzen dit. Badago hor beste ikerketa bide bat, baina oraingoz, alboratuta uzten dut.

Pardina Rompesacos 2012. urtean. Etxe dotorea ezbairik gabe. Argazkia: © Sergio Larraga

Pardina Rompesacosen eraispena 2017. urtean. Argazkia: © Oscar Martín Estallo eta Visúseko Nacho.

Pardina Rompesacos eraitsi ondoren 2017. urtean. Argazkia: © Oscar Martín Estallo eta Visúseko Nacho.

Bihotzeko mina sortzen du herriko ondarea den eraikin hau betirako desagertu dela ikusteak. Villalanguan esan zidatenez, Rompesacosesko jabeek segurtasun arrazoiengatik eraitsi behar izan zuten eraikina.

Las Pardinas del Río Asabón

“Rompesacos” toponimoaz Googlei galdetuta, arestian aipaturiko sailaz gain, aurre Pirinioetako inguru hauetan 1960ko hamarkada arte ohikoak izan ziren “pardinen” ikerketa eta hedapena egiten duen Holartica bloga aurkitu nuen.

Bloga Oscar Martín Estallok kudeatzen du eta aurrePirinioetako zonalde honetan ohikoak izan ziren “Pardinak” ditu hizpide nagusi. Merezi du bistadizoa bere blogak, pardinez gain Huescara mendizale euskaldunok bisitatzen ez ditugun aurrePirinioetako hamaika txoko ezkutu erakusteko lana hartzen baitu.

Tira, eta zer ziren “pardinak”???

Berez, Euskal Herriko isuri atlantikoan ohikoak diren baserrien pareko ustiapenak dira baina beraien lursailen eskala Euskal Herriko baserriekin alderatuta askoz handiagoa da.

Erdi Arotik San Juan de la Peñako monastegiaren jabetzakoak zirelarik, XIX. mendeko desamortizazioen ondoren jabe pribatuetara pasa ziren. XX. mendeko 1950-60 hamarkadetan Patrimonio Forestal del Estadok bultzatutako muturreko basogintza medio desagertu zirelarik. Pardina Rompesacos horietako bat zen.

Horien azalpenak eta beste hamaika historio politak Oscarrek idatzitako Las Pardinas del Río Asabón liburu dotorean topatu daitezke.

Liburuan Pardina Rompesacosi eskeintzen zaion atalean ez da Vicente Esquisabelen aipamenik agertzen, bainan bai aldiz XX. mendeko erdialdearen denbora epe ezezagun batez Fermín Iñarrea maderista nafarra bere jabea izan zela. Informazio honekin guztiarekin, Huescako lurretara bisita bat egitea derrigorrezkoa zen.

Goazen Huesca aldera…

Egoera horren aurrean, eta abuztuko oporrak baliatuz, Finca Rompesacosetik gertu dagoen Villalangua herriko bizilagunekin 2013an Martin Landak Otsagabian esandakoa alderatu beharra neukan zalantzak argitzeko.

La Posada de Villalanguako aterpetxeko Isidororen laguntzarekin herriko hainbat bizilagunekin bildu nintzen, tartean Salvador, Benito eta Ángel. Tamalez, hauek denak ez zuten “Vicente Esquisabelen” ataundar kablistaren berririk entzun, pena.

Beraien aburuz, Fermin Iñarrea maderista nafarra zein Paco Ripa izan ziren Finca Rompesacosek XX. mende erdialdean ezagutu dituen jabe bakarrak.

Benito Castán, (Villalangua, 1939) eta Angel Vivesekin (Villalangua, 1929) solasean Oscarren liburuarekin.

Benito eta Angeli nire ikerketaren berri ematearekin batera eta Finca Rompesacosek nire aitonarekin izan zezaken balizko harremana azaltzerakoan, beste kontu interesgarri bat aipatu zidaten.

Euskal Herrian bezala, altzairuzko egur kableak Huesca aldean ere erabilpen zabala izan zuten XX. mende erdialdeko hamarkadetan. Benito eta Angelekin egon aurreko egunean Sabiñanigotik gertu dagoen Barbenutako kablea ikertzen jardun nintzela aipatzerakoan, beraiek kable horretan ere lanean ibilitakoak zirela esan zidaten. Egur kableen erabilera ondo baino hobeto ezagutu zuten. Baina Barbenutako kablearen inguruan ikertutakoak, beste baterako utziko ditugu…

Martin Landak bereari berresten dio…

Huescako jende jatorra eta paisaia ederrak atzean utzita, egun berean Otsagabia aldera abiatu nintzen Martin Landarekin biltzeko. Elkarrekin biltzeko arrazoi nagusia iazko neguan landu ditudan Zuberoako egur kableen geolokalizazioak zuzentzea bazen ere, ezin utzi Rompesacos afera aipatu gabe.

Martinek bereari berresten dio. XX. mendeko erdialdeko hamarkadaren batean Finca Rompesacos nire aitonaren jabetzakoa izan omen zela, are eta gehiago, egur kableren bat ere instalatu zuela paraje horietan. Azkeneko kontu hau Villalanguako informatzaileekin ere aipatu nuen eta beraiek aldiz zalantza dute Rompesacoseko sailetan egur kablerik izan zen.

Martinek berresten duena alderatzeko balioko luken dokumentazioa Huescako Artxibo Historiko Probintzialean egongo da eta kablearen ikerketak etorkizunean izango dituen pausoak horretara zuzendu beharko ditugu. Harra atera ezinik nabil jada.

mailmail
Kategoria: Huesca Etiketak , , , , . Gorde lotura.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude