Egilearen artxiboa: Xabier Eskisabel

Kable baten katalogatzea: Vda. de Echávarriren bi kableen adibidea.

Euskal Herriko eremu geografikoan ezarri ziren aireko kableen inbentariatzea gauzatzerakoan, Nafarroako basoetan ezarri zirenak instalaturikoen gehiengoa izan zirela nabarmentzekoa da. Euskal Herriko beste guneetan, Bizkaiko Karrantzako Lanzas Agudas auzotik, Xiberuko Santa Graziraino, aireko kableak ere ezarri ziren, bainan inondik inora Nafarroan ezarri ziren kopuruan.

Lourdes Altuna ikerlariak bere Kablea Ataunen, lanean irekitako bideari jarraituz, ni ere gauzatzen ari naizen inbentariatzea eskura dagoen informazioarekin ahalik eta fitxa osatuena lortzen saiatzen jardunean nabil. Horretarako eta zehazki Nafarroako kableen adibide jarraituz, osaketa lanak iturri hauetatik edaten du:

  • …Nafarroako Foru Diputazio ohiaren Mendi Zuzendaritzaren funtsean gordetzen diren espedienteak: Funtsa NEANan gordetzen da ta lan honen guztiaren oinarria da.
  • SITNA, IDENA, GeoEuskadi bisorea, IGNFren Remonter les Temps tresna eta CNIGen fototeka digitala: kable baten ibilbidea espazialki zehazteko ezinbestekoa da hauen kontsulta.
  • Jesús Lacasia funtsaren argazkiak: Kokapenak erabateko zehaztasunarekin kokatzea ahalbideratzen du, baldin eta argazkia identifikatua dagoen…
  • …protagonisten ahozko testigantzak: Artxiboetan gordetzen ez diren bizipenak eta anekdotak jasotzeko aukera interesgarria izaten da.

Zerrendatzen ditudan jatorri horietako bakoitzetik lortzen dudan informazioa gurutzatzeak aukera ematen dit kable baten kokapena modu -nahiko- zehatz batean kokatzeko. Jakina, beti ez da posible ekimen horretan lagunduko duten lau jatorri horiek lortzea, baina espediente bat eta ortoargazki bat eskura baditugu, posible da hori lortzea eta positiboki identifikatutako instalazioen taldera gehitzea.

Baina sar gaitezen post honen muinera: Kable bati buruzko informazio guztia jaso ondoren, ze “itxura” du fitxa batek? Galdera honi erantzuteko, aireko kable instalakuntza zehatz bati buruz jaso dudan informazioa guztia -aurrekari gisa balioko ez duelarik 😉 – ikusiko dugu.

Baztango instalakuntza zehatz hau hautatzen dut, bere identifikazioa osatzeko lau baldintzetatik hiru betetzen baidira: Espediente administratiboa badago, IDENAn beraien ibilbideak ikusten dira eta Lacasia argazki funtsean beraien argazkian jasotzen dira.

Fitxa

04 1182/1954. Belateko bi kableak: Zintzurzelai eta Karramiztegi. Vda. de Echávarri.

1954ko espediente hau Olazagutiako Vda. de Echávarri enpresak Mendi Zuzendaritzari Belateko San Blasko Bentaren inguruan aireko bina kable aldi berean instalatzeko eskaera jasotzen du. 04 zenbakia neronen antolaketarako jarri diot: Baztanen zuzenki identifikaturiko laugarren instalakuntzari dagokio. Tipografia etzana erabiliz agertzen diren oharrak, blogeko post honetarako erabili ditut soilik, behin betiko fitxan ez lirateke agertuko. Kableen izenen inguruan, espedientean eta planoetan “Chinchur” eta “Carramistegui” gisa agertzen dira. Agerikoa den bezala, euskarazko toponimiaren gaztelerazko deformazio traketsa dira eta nire lanaren irizpide orokor gisa, bi izenak Nafarroako Toponimia Ofizialean jasotzen diren bezala erabili ditut, kaso honetarako Zintzurzelai eta Karramiztegi. Izen bakoitzaren gainean sakatuta, beraien kokapenetara joango zara.


  • Ibarra edo eskualdea: Baztan-Bidasoa. (Neronek sorturiko zatidura administratiboa).
  • Herria edo kontzejua: Baztan. (Ídem).
kokapena ETA koordenadak. UTM 30N ETRS89
Karramiztegiko kablea (A)
 Kargalekua: Karramiztegiko maldako gune bat.  X: 612104 Y: 4768878
Deskargalekua: San Blas Bentaren aldamenean.  X: 612919 Y: 4769351
 Zintzurzelaiko kablea (B)
Kargalekua: Karramiztegi eta Zintzurzelai tartean kokatzen den Goldaburun.  X: 612248 Y: 4768297
Deskargalekua: Belateko mendatetik hurbil kokatzen den Bentako Belagian.  X: 612821 Y: 4767310
  • Luzera:Karramiztegiko A kableak, 972 m. Zintzurzelaiko B kableak, 1170m. (Kargalekuetatik, deskargalekuetaraino IDENAn neurtzen diren distantziei dagozkie).
  • Tipologia: Trikablea. Bi kableen kasuan, aipatzekoa da beraien norabidea ibarraren sakonetik bere gaikaldera zela, Karramiztegiko kablearen kasuan San Blasko Bentaraino eta Zintzurko kablearen kasuan ia NA-1210 errepideraino.
  • Pilona kopurua: Karramiztegiko kablearen kasuan, bi pilona eta “cabra” bat.
  • Instalakuntzaren urtea: 1954ko udara-udazkena.
  • Kablelariak: —. (Espedienteetan ez dira agertzen instalazioetan lan egin zuten gizonen izenak, baina kasu gutxi batzuetan beste kableen espedienteetatik lortu ahal izan dut informazio hori. Horregatik, egoki ikusi dut epigrafe hau sartzea).
  • Sustatzailea: Vda. de Echávarri. (Baso aprobetxamenduaren ustiatzailea izan ziteken, kasu honetan bezala; edo instalakuntza gauzatzeko espreski azpikontrataturiko beste enpresa bat izan ziteken).
  • Ortoargazkia: 1957-07-31, B serieko hegaldi amerikarra, IDENA (Kablearen ibilbidea lehenengoz ikusi daiteken hegaldiaren datari dagokio).
  • Irudiak: Jesús Lacasia argazki funtsak Karramiztegiko kablearen launa argazki dituen bezala, Zintzurzelaiko deskargalekuaren argazki bat ere badago. (Epigrafe hau betetzea ez da ohikoa izaten, baina gertatzen denean, kokaturiko argazkia Flickr atariko Kablegintza profilera igotzen dut atari honetan argazkia mapa batean geokokatuta gordetzeko aukera ematen bait dit).
  • Informazio administratiboa: NEAN, NFD Funtsa, Mendi Zuzendaritza, 96278 kutxa, 1182/1954 exp. (Espedientearen signatura. Instalakuntza honen xehetasunak bertatik bertara NEANan kontsultatu nahiko bazenitu, badakizu non kuxkuxeatu beharko duzun). Ez horregatik 😉
  • Deskribapena eta oharrak: Espediente honetan Belateko mendatearen inguruan ezarri ziren aireko bi kableen instalakuntzaren baimen eskaera jasotzen da. 1954ko abuztuaren 20ko datarekin, Baztango Alkate zen Gerardo Plaza Aurquíak[1] Mendi Zuzendaritzari instalakuntza gauzatzeko baimena eskatu zion: «…para la saca de 5.240 hayas de los montes de Carramiztegui y Chinchur (Velate)», 1955ko urtarrilaren 14an horretarako baimena jaso zuelarik. Espedienteak jasotzen dituen planoetan, Karramiztegiko kablea (A) deitura duelarik, Zintzurzelaikoa (B) deitzen da. IDENAn ikusgai dagoen 1957-07-31 datako ortoargazkian, Zintzurzelaiko kablearentzako basoan irekitako kalea nabari da. Kable honen deskargalekua NA-1210 errepideko albo batetik ireki zuten pista batetaraino iristen zen. Karramiztegiko kablearen kasuan aldiz, ibilbidea zuhaitzik gabeko soilgune batetik igarotzen zenez, ez da inongo ibilbiderik ageri San Blas Bentaraino. Espedienteak bi instalakuntzen xehetasunak jasotzen dituen eta zuzenki proiektaturiko bina plano ditu bere baitan. (Epigrafe honetan, kable instalakuntzari buruz dudan informazioa eta xehetasunak ematen ditut).  

[1] Gerardo Plaza Aurquía alkateak, arkitekto gisa jardun zen bere ibilbide profesionalean eta hainbat eraikin diseinatu zituen, hala nola Ilarregiko eskolak, Larraintzarko Udaletxea edo Almandozko eliza. Plaza, gainera, prokuradore izan zen Gorteetan eta foru diputatu XX. mendeko 50eko hamarkadan, baita Baztan Ibarreko alkate ere, 1959ko ekainean hil zenean. Diario de Navarra, 30. orria, 15-11-2013.

Irudiak

Lacasia funtsa, aireko kableen instalakuntzak kokatzeko eta identifikatzeko eskura daukagun baliabide nagusia da. Nolanahi ere, hainbat kokapen kokatzea ez da batere erreza, bai identifikagarriak izan daitezken elementurik ez dutelako zein hirurogehi urtetan mendia asko aldatu delako. Hala ere, hainbat lagunen laguntza eskuzabalari esker eta kasu zehatz honetan, Zubirin kokatzen den Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren Aezkoa-Kintoako basozain taldearen babesari esker, bi kable hauek kokatzea lortu dut. Argazkiak honatx:

Zintzurzelaiko kablearen deskargalekua. Argazkiaren atzekaldean Belateko mendatearen errepide ertzeko babesak ikusi daiteke. Aldi berean, deskargalekuko garabiaren plataformaraino iristen zen pista argazkiaren eskubialdean ere ikusi daiteke. Argazkia NW-SE orientazioarekin goizeko lehenengo orduetan aterata dago.NEAN, Jesús Lacasia Funtsa, F481.

Karramiztegiko kablea.Egur karga bat aldapan gora. Ibar horren hondotik egungo N-121A errepidea igarotzen da. Itzalen posizioari erreparatuta, argazkia goizeko lehenengo orduetan NE-SW orientazioarekin atera zen, bataz beste San Blas Bentako gaur egungo aparkalekutik. NEAN, Jesús Lacasia Funtsa, F481, FOT_LACASIA_127.

Karramiztegiko kablea. San Blas Bentako pilonan mandoak. Ibar horren hondotik egungo N-121A errepidea igarotzen da. Itzalen posizioari erreparatuta, argazkia goizeko lehenengo orduetan NE-SW orientazioarekin, bataz beste San Blas Bentako gaur egungo aparkalekutik aterata dago. Markaturik agertzen diren bordak, Iturriko Borda eta Goldaburuko Borda dira. NEAN, Jesús Lacasia Funtsa, F481, FOT_LACASIA_116.

Karramiztegiko kablearen kargarako plataforma.Ibarraren hondotik egungo N-121A errepidea igarotzen da. Itzalen posizioari erreparatuta, argazkia goizeko lehenengo orduetan aterata dago. Ibarraren azpikaldean agertzen diren bordak Bonbetxea eta Lorentxoren Borda dira. NEAN, Jesús Lacasia Funtsa, F481, FOT_LACASIA_373.

Karramiztegiko kablearen kargarako plataformaren azpian “cabra” bat. “Cabra” bat pilona baten erdia zen eta kable bakar bat eutsi behar zenean erabiltzen zen eta pisu txikikoa bazen. Kokapen bakanetan erabiltzen zen. Jatorria: Antonio Telletxearekin WhatsApp bidezko solasaldia 2023ko azaroaren 22an. NEAN, Jesús Lacasia Funtsa, F481, FOT_LACASIA_049.

Artxibo Irekien fototekan agertzen diren Lacasia funtseko argazkien deskribapen batzuk “orrazkera” bat behar dute, informazioa ez baitute guztiz zuzena erakusten: Launa argazki hauek guztiak adibide gisa Otsagabian kokatuta daudela esaten dute. Nolanahi ere, argazkiak zehazkiro eta egokiro kokatzeak dituen zailtasunak medio, hau erabat ulergarria da. Identifikazioak aurrera egin ahala, informazio hau NEANeko ardudunei helaraztea da asmoa. Denboran luze joko du, jakina.

Planoak

Espediente honek bi kableen plano pare bat ditu. Horien irudiekin batera, haien ibilbideak ere sartzen ditut, OpenStreetMapen ikus daitezkeen bezala:

Bi kableen kokapen planoa. NEAN, 96278 kutxa, 1182/1954 esp.
Bi kableen profilak. NEAN, 96278 kutxa, 1182/1954 esp.
Bi kableen ibilbideak OpenStreetMapen.

Ibilbideak

SITNAn aurkitu eta identifikatzen ditudan kableei dagozkien ibilbideak Google Earth erabiliz beraien .kml bertsioak editatuta, datu geoespazialak maneiatzea ahalbidetzen duen edozein tresnatan ikusi ahal izateko prest uzten ditut. Baina hori gutxi balitz, Lacasia Funtseko argazkiak Flickr atarian geolokalizatuta eta online eskuragarri daudenez, argazki hauek .kml fitxategien barruan ere txertatuta erakusten dira.

Zuk ere Google Earth erabiliz bi ibilbide hauek nola ikusten diren jakin minez bazaude, hemen eskuratu ditzazkezu: Zintzurzelaiko kablea, (.kml, 7Kb.) Karramiztegiko kablea, (.kml, 18Kb.)

“Xelebrekeria”

Ta orain, “xelebrekeria”: Vda. de Echávarriren kable baten argazki hauek zergatik daude Lacasia funtsean? Kontuan izan dezagun Jesús Lacasia 1950-60-70-80 hamarkadetan Nafarroan Explotaciones Forestales RENFE enpresaren arduraduna zela, beraz, ondorioz RENFEren konpetentzia zen enpresa baten argazkirik ez lukete zertan bertan egon behar…

Kontraesan horren azalpena instalazio horrekin zerikusirik ez duen beste espediente batean aurkitu nuen, zehazki, Irati eta Itzaltzu kanpoaldeen artean instalatutako “San Esteban” kable ospetsuari zegokion espedientean. Espediente horretan aipatzen da kablea El Irati, S.A., Vda. de Echávarri eta Vda. de Mocholí zur-enpresek instalatu zutela ABEEan, eta Jesús Lacasia aipatzen da El Irati eta Vda. de Echávarri enpresen arduradun gisa ustiategi horretan. Beraz, Jesús Lacasia Nafarroako Explotaciones Forestales RENFEko arduraduna izateaz gain, batzuetan RENFEn zituen ardurak ere uztartu zituen beste enpresa batzuei esleitutako aprobetxamenduen arduradun gisa lan eginez, El Irati S.A. eta Vda. de Echávarri enpresen kasuan bezala. Kontu hau Jesus Mari bere semeak iaz berretsi zidan, eta horrek azaltzen du Lacasia Funtsean RENFErenak ez ziren baso-aprobetxamenduei buruzko argazki asko egoteak.

Esker ona

“Erretolika” hau amaitzeko, Lacasia funtseko hainbat argazkietan agertzen diren kokapenak identifikatzen laguntzen ari zaizkidan hamaika lagunei nire esker ona adierazi nahi diet, bereziki Zubiriko Ingurumen taldeko basozainei.

Eta batez ere, NEANko langileei, dokumentazio kutxak eta kutxak kontsultatzeko nire etengabeko eskaerei pazientzia amaigabez ematen didaten laguntzagatik. Aireko baso-kableen instalazioei buruzko espedienteen bilaketan beraien laguntzarik gabe, lan hau ez litzateke posible izango. Bejondeizuela!

Aireko baso kableen inbentarioa: Irizpideak.

Euskal Herriko basogintzan historikoki erabili ziren aireko kableen inbentarioa osatzerakoan, 1999. urtean Lourdes Altuna ikerlariak Ataungo Udalarekin batera elkarlanean publikaturiko “Kablea Ataunen” lana ezinbesteko erreferentzia dugu. Ataungo hainbat baserri eta lur sailetan XX. mendean ezarri ziren 197 belar kableen zerrendarekin batera, lan honetan kable instalakuntza bakoitzaren xehetasunak dagozkien fitxetan jaso zituen. Aireko kableen inguruan Euskal Herrian inoiz egin den lanik osatuena dela esatea ere ausartuko nintzateke.

Nolanahi ere, lan honetan Nafarroako XX. mendeko basogintzan berebiziko garrantzia izan zuten aireko kable instalakuntzak ez dira aztertzen ta +/- 2017a ezgeroztik gabezi horri erantzuteko asmoz lanari emana nago. Ekimen hau osatzeko metodologiaren irizpide ahalik eta zorrotzenak jarraitzea ezinbestekoa zaidalarik, horien berri ematea da sarrera honen helburua.

Lourdes Altunak 1999an Ataungo belar kableekin egin zuen bezala, neroni ere Nafarroako aireko baso kableen inbentarioa osatzeari emana nago ta horretarako hiru informazio jatorri erabiltzea ezinbestekoa zait: Protagonisten ahozko testigantzak, ortoargazki historikoak eta artxiboetako funts dokumentalak. Hiru informazio iturri hauek beraien artean elkar gurutzatuta lortzen ari naiz aireko kableen kokapen espazial zehatza, bai geografikoa zein historikoa.

Ahozko testigantzak

Inazio Munduate eta Josecho eta Antonio Telletxea Errekaidorran.
Inazio Munduate, Josecho eta Antonio Telletxea anaiekin solasean Errekaidorran 2012ko udaran.

2010. urtean kableen kontu hau ikertzen hasi nintzenean, gure aitona Bixente Eskisabelen kablelari ibilbideari buruz jakinminez hasi nintzen soilik. Hainbat irteeretan Inazio Munduateren laguntza izan nuelarik, elkarrekin hainbat kablelari ohi elkarrizketatu genituen ta berehala jabetu nintzen ahoz jasotako informazioa motz geratzen zela gaiaren bisio oso bat izaterakoan.

Alegia, ahozko testigantzak baliagarriak izan zaizkit dokumentuetan jasotzen ez diren hainbat xehetasun eta pasadizoen berri izateko, baina ez Bixente Eskisabelek Erronkariko zein paraje zehatzetan bere lehenengo aireko kableak non ezarri zituen zehazteko, horretarako, Nafarroako Foru Diputazioa zenaren Mendi Zuzendaritzaren funtsa kontsultatzearekin batera, zerbitzu geoespazial anitzek online eskaintzen dituzten ortoargazki historikoak kontsultatzea ezinbestekoa da.

Ortoargazki historikoak

Lourdes Altunak bere lanean Ataungo kable ia guztiak mapa tolesgarri txukun batean jaso zituelarik, Nafarroako aireko kable guztiekin gauza berbera egin zitekela jabetuta hasi nintzen berauk etxeko erosotasunetik geokokatzen. Agerikoa den bezala, lanaren erronka eta eskala ez dira berberak ta Nafarroako Gobernuko SITNA eta IDENA ezinbesteko tresnak suertatzen zaizkit lan horretan. Baina hauek bezala ere, EAEko GeoEuskadi bisorea, Frantziako IGNFko Remonter le temps eta Espainiako IGNko Fototeca Digital bisorea.

SITNA/IDENA bisoreek erabiltzaileon esku jartzen dituzten tresnak erabilita, kable ibilbide bakoitzaren bertsio digitala eskuratzen hasi nintzen 2016. urtean hasita. 2023. urte honetan, NEANen gordetzen den Mendi Zuzendaritzaren dokumentazio funtsa kontsultatuta, ahozko testigantzek zein aireko argazkiek emandako informazioa gurutzatuta aireko kable baten ibilbidea %99 ziurtasunarekin ezartzea lortzera iritsi naiz ta ez da gutxi.

1968-07-26ko hegaldiko argazkiaren xehetasuna. Irudiaren azpikaldean Akerreriako basoan zabaldutako kablearen “kalea” eta kabletik zintzilik egur kargak ikusi daitezke Iratiko ohianean barrena. Jatorria: IGNF.

Funts dokumentalak

Ahoz jasotako testigantzei zein etxeko erosotasunetik kontsultaturiko ortoargazkiei kontestu historikoa funts dokumentaletan jasotako informazioak ematen die.

Urte honetan hainbat artxibo kontsultatzen dihardudalarik, Nafarroako Errege Artxibo Nagusia (NEAN) da ezbairik gabe Nafarroako aireko kableei buruzko informazio jasotzeko kontsultatzen dudan iturri nagusia. Ta bertan, XX. mendean Nafarroako landa ingurunea eta basoen kudeaketaz arduratzen zen Mendi Zuzendaritzaren funts dokumentala. Hemen dago saltsa guztia.

Hau horrela izanagatik, NEANeko adituek horrela esanda, Mendi Zuzendaritzaren funts dokumentalak nire aldizkako bisitez gain ez du beste inongo ikerlariren interesik pizten, ondorioz, funtsak tajuz sailkatzeko ta katalogatzeko lanik ez da egiten. Hainbat espediente faltan egotea edo transpapelaturik egotea ohikoa delarik, honek ikerketaren lana nabarmen zailtzen du.

Aurkitzen ditudan espedienteek jasotzen duten informazio kopurua eta “kalitatea” anitza da. Planoak edo marrazkiak badituzte, instalakuntzaren geokokapena nabarmen errazten zait. Kasu hauetan IDENAn ere bere ibilbidea somatzen bada, bingo! Hala ere, kasu gehienetan ez dago planorik ta orduan bere ibilbidea IDENAn orduak sartuz topatzea dagokit.

Nolanahi ere, hainbat “altxor” ere aurkitu izan ditut nire peskizetan. Jarraian dijoaztenak, horietako zenbaitzuen adibideak.

Vda. de Mocholí kablea Luzaiden

Berez hau ez da arestian aipaturiko “altxor” horietako bat, buruhauste sortzaile bat baizik. Valentziako Vda. de Mocholí enpresak 1953. urtean Luzaideko “Echarcharo” deituriko parajean aireko kable bat ezartzeko espedientean dagoen marrazkia da. Deskargalekuaren kokapena aurkitu badut ere, kargalekua topatzea ezinezkoa suertatzen zait. Are eta gehiago, aipaturiko “Echarcharo” parajearen toponimoa ez da agertzen IDENAko toponimoen geruzan. Ondorioz eta hainbat orduz saiatuagatik, kable honen ibilbidea markatu ezinik geratu zait.

Caja 96242, Exp.1141/1953. Cable de Vda. de Mocholí.
Vda. de Mocholí kablea Luzaiden. Neurriak: 225*325mm.
NEAN, NFD funtsa, Mendi Zuzendaritza, 96242 kutxa, 1141/1953 esp.

Nafarroako 1. aireko kablea Hiriberri Aezkoan

1934. urtean Bixente Eskisabel Urbiztondo kablelari ataundarrak Aezkoako Hiriberri gainean dagoen Berrendiko basoan ezarritako kablea. Bertatik ateratako egurra Irati ibairaino garraiatzen zen jarraian pantanaden bidez El Irati S.A.ak Ekai Longidako lantegiraino garraiatzeko. Marrazkiak ez du eskala edo beste erreferentzia topografikorik, baina, paraje honetan IDENAan ikusgai dagoen 1946ko A serieko hegaldi amerikarraren ortoargazkietan kable honen aztarnak ikusi daitezke.

Berrendipeko kablea Hiriberrin. Neurriak: 295*272mm.
NEAN, NFD funtsa, Mendi Zuzendaritza, 95756 kutxa, 0741/1934 esp.

Iratin 12 km.tako kablea…

Mendi Zuzendaritzaren funtsak, ezarri ziren ta ezarri gabe geratu ziren instalakuntzen espedienteak jasotzen ditu bere baitan. Tartean, plano dotore hau jasotzen duen espediente garratza. Garratza diot, bere orrietan 1954ko udaran Zaraitzuko Ibaxaren Batzordeak El Irati S.A.rekin izan zuen gatazka bortitz baten berri ematen delako.

Espedientean jasotzen denaren arabera, El Iratik Pikatuako parajetik Irabiako uharkaraino 12km.tako luzera izango luken aireko kable instalakuntza gauzatu nahi zuen. Kablearen ibilbideak Iratiko ohianaren baitan balio handiko parajeak zeharkatzen zituelarik, Zaraitzuko Ibaxako Batzordea proiektu honen aurkako erabateko jarrera erakutsi zuen.

Caja 96274_Exp_2744_1954
Pikatuatik Irabiako uharkarainoko aireko kable proposamena. Neurriak: 280*460mm.
NEAN, NFD funtsa, Mendi Zuzendaritza, 96274 kutxa, 0416/1954 esp.

Esteban Orbegozoren kablea Lizarrustin

Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan kokatzen den Lizarrustiko parajean, Zumarragako Esteban Orbegozo altzairutegiak bere egur-ikatz beharrak asetzeko Aralarko hainbat baso ustiatu zituen.

XXI. mendeko begiradaz ikuskatua logikarik gabeko ustiapena izan zitekela badirudi ere, gerra ondorengo muturreko autarkia ekonomikoaren kontestuan altzairutegiek energia iturrien premia larria zuten: egur-ikatza ere energia iturri balekoa zitzaien.

Caja_95963_ Exp_0821_1943
Esteban Orbegozoren kablea Lizarrustin. Neurriak: 620*250mm.
NEAN, NFD funtsa, Mendi Zuzendaritza, 95968 kutxa, 0821/1943 esp.

Explotaciones Forestales RENFE tartean

RENFE Nafarroako basogintzan agertu zenean lan metodologia eta baliabide aurreratuak iritsi ziren Nafarroako basoetara. Ojo, beraien aurretik izan ziren kablelariek baliabide askoz eskasekin lortu zutena ez dago gutxiesterik, baina RENFEk ingeniariak, teodolitoak, eta eskala egokian jasotako planoak erabiltzen hasi zen. RENFErekin Nafarroako basogintzak aurrerako jauzi handia egin zuen.

Azpikaldeko planoa Explotaciones Forestales RENFEren arduraduna zen Jesús Lacasiak digitalizatzeko utzi zidalarik, Mendi Zuzendaritzaren funtsean bere espedientea aurkitu ezinik nabil.

Planoak RENFEko ingeniariek Pikatua eta Itzaltzu arteko “San Estebango” kablearen profila eta oina jasotzen ditu. Eskala zehatzekin, informazio osoa eta egokia. Bere ibilbidea IDENAn agertzen den bezala, bere argazkiak Nafarroan Explotaciones Forestales RENFEren arduraduna zen Jesús Lacasiaren egiletza dute eta bilduma ere NEANk gordetzen du. Hau bai altxorra.

San_Esteban_kablea_RENFE_Itzaltzu
Bataz besteko neurriak: 60*190cm.

Bixente Eskisabelen kraixtuak

2010ean egur kableen nondik norakoak ikertzen hasi nintzenean, gure aitona Bixente Eskisabel “Purico“ren kable ibilerak soilik aztertzeko asmoarekin ekin nion lanari. Berehala ohartu nintzen ikerketaren esparrua zabalagoa eta anitzagoa behar zuela: Nafarroako egur kableen inbentarioaren osaketa, Explotaciones Forestales RENFEren jarduna Nafarroan, Irati-Mendibeko kable mitikoa… hauek guztiak ondo aztertuta -eta ulertuta- Bixente Eskisabelen kablelari ibilbidea hobeto ulertzeko balioko zidaten.

Hemendik abiatuta, 2011. urtean Inazio Munduate, gure aita zena eta hiruok Orotz-Betelura lehenengo irteera elkarrekin egin genuen eta bertan jakin genuen “Casa del Sastre” delakoan Bixente Eskisabelek hainbat urtez Nafarroako egoitza nagusia gisa erabiltzen zuela.

Orotz-Beteluko “Casa del sastre” 2011an. Bixente Eskisabelen aterpe nagusia Nafarroako mendialdean.

Bertan aterpe hartzearekin batera, bere jabetzakoak ziren mando eta idiek etxe honen azpiko ikuiluan botatzen zuten Artzibarko negu luzea. Animaliak neguan zaintzeaz aldiz, Juan Kruz Arratibel Arin, Bixente Eskisabelen iloba, arduratzen zen. Horrela esan zigun “Kruzito” berak Inaziori eta biori 2011ko ekainean Ergoienako bere etxeko sukaldean egindako elkarrizketan.

Baina 2011ko lehenengo bisitan bezala, beste hainbatetan ere izan naiz Orotz-Betelun eta 2015ko abuztuan nire kasa egindako bisitan, ezusteko galanta hartu nuen.

Ganbaran hautsez estalitako traste zaharrak

Etxeko nagusiaren senarrak, Franciscok, traste zaharrak etxeko ganbaran biltzeko afizioa zuelarik, hainbat urtez bildutako trasteei bistadizoa botatzeko gonbitea luzatu zidan. Han igo ginen etxeko ganbararaino eta bertan pilatuta zituen traste, lanabes, paper eta gailu anitzen artean pareta batetik zintzilik hainbat kraixtu zituen. Hasiera batean hautsaren azpian zeudenetaz ez nintzen jabetzeko gai izan, baina batean “V.E.” inizialak rematxeekin apainduta zegoela jabetu nintzen. Ta aldamenean beste bat. Eta beste bat!! Dedio, “Vicente Esquisabel” nire aitonaren HIRU KRAIXTU!! Momentu horretan apuroa eman zidan nirea ez zen etxe bateko nagusiari nire aitonarenak izan ziren hiru kraixtu horiek eskatzea ta penaturik bertan utzi nituen. Francisco berak ere bertan zeudenik ez zekien. Hau marka gero!

Nola nahi ere gure aitonaren kraixtuak Orotz-Betelun zeudela jakinik 2015-2016ko negua “amorratzen” pasa nuen ta 2016ko abuztuan egindako hurrengo bisitaldian, berauk Franciscori ta Aliciari umilki eskatzeko atrebentziaz eskatu nizkien ta eskuzabal eman zizkidaten. Betiko esker ona! Kraixtu hauek gure sendian Bixente Eskisabel aitonarenak ziren eta gordetzen ditugun gauza bakanak dira.

Hidratazioa, hidratazioa eta hidratazioa

Hainbat orduz berauk hidratatzeko lanak hartu ondoren, Txangoan, Murukoan, Erremendian edo Iratin berriro lanean hasteko moduan utzi nituela esatea ere ausartuko nintzateke 🙂 Nolanahi ere, aurreko astean Zallako gure bizilaguna dugun Imanol Díazen zaldia modelo gisa erabilita erreportaia prestatu genuen. Xabi ta Manu Díazi ere nire esker ona gestioetan laguntzeagatik. Lortutako emaitza honatx:

Zegamako belar kableak

Euskal Herrian XX. mendean erabili ziren belar kableak nire peskizetatik kanpo badaude ere, gertutik jarraitzen ditut beraien inguruan sortu daitezken historio, pasadizo zein protagonistak.

Gaurko sarrera labur honetan, Zegamako belar kableei aipamena egin nahiko nieke.

Tipologia

Berez, Zegamako belar kableak Nafarroako Araitz bailarakoen edo Ataungoen tipologia berbera jarraitzen zute: Kota ezberdinetan kokatutako eta N distantziaz loturiko altzairuzko kable bat, grabitatearen indarra baliaturik etxeko ganbararaino belar ondua, garoa, ikatza edo behar zen generoa garraiatzeko lanabesa.

Egur kableekin alderatuta, hauek baino soluzio teknologiko nabarmen sinpleagoa izan ziren.

Mazkiaran Erdikoa baserriari 1961. urtean ateratako argazkian, etxeko atarian ageri den balkoiraino iristen zen belar kablea dakusagu. Argazkia: Iñaki Arrizabalaga.

Ramon Arrizabalagaren maketa

Ataunen XX. mendean zehar 197 belar kable ezarri baziren, Zegamako lurretan 10-12 ezarriko zirela aipatu zidan Ramon Arrizabalaga zegamarrak. Tartean, eta gogoan duela, Astiñe baserrian 200m.takoa, Arakama azpikoan errotarako, Mazkiarango hiru baserriak bakoitzak berea, Berasategin eta Zubitxoetan ere bai…

Aidanez, Euxebio Arrizabalaga bere aita zenak bere lur sail batetik Mazkiaran Erdikoa baserriraino 300m.tako belar kablea “gerra aurretik” ezarri zuen (data zehatza ez dakigu baina 1935. urteren bueltan izango zen eta 1980ko hamarkada arte erabili zen) eta Euxebio bera izan omen zen Zegamako belar kableen sustatzaile nagusia.

Belar kablearen agerpena XX. mende hasieran iraultza latza izan zen eta etxeko ganbararaino hainbat produktuen garraioa nabarmen erraztu zen. Horren aurretik, etxeko ganbararaino belar ondua zein garoa eraman behar zirenean, lehenik etxeko atariraino leraz, gurdiz edo kaballerien gainean gerturatu ta jarraian bizkarrean kargatuta, etxeko hiru solairuak igo beharra zeuden. Lan nekeza eta motela ezbairik gabe.

Ramonek ez daki bere aitak nola edo noren eraginez gerturatu zuen lanabes berri hau Zegamako baserrietaraino. Dokumentaziorik ere ez du. Nolanahi ere, bere aitaren lana aitortzeko asmoz, bere etxeraino ezarri zuen belar kablearen maketa bat prestatu du. Honatx argazkiak:

Iñaki Arrizabalagaren argazkiak

Ramonen anaia Iñakik argazkigitza afizioa izan zuelarik, bere anaia Luisen bidez Mezkiaran Erdikoa baserriko belar kablea irudikatzen dituen argazki parea erakusteko “primizia” dugu blog honetan.

Mazkiaran Erdikoa eta Mazkiaran Goena 1961ean. Mazkiaran Erdikoaren gaineko ezkerreko muinoan kablearen “astoa” dakusagu. Hurrengo argazkian, hobeto. Argazkia: Iñaki Arrizabalaga.
X batekin markatuta, belar kablearen astoa.

Zegamako belar kableen inbentarioa

1999. urtean Ataungo Udalaren II. aztergai bekari esker, Lourdes Altuna ikerlari ataundarrak Ataungo 197 belar kableen inbentarioa “Kablea Ataunen” liburuan jaso zuelarik, Zegamako belar kableen inbentarioa ere jaso beharko litzatekelakoan nago. Berez eta kontuan izanda 10-12 solik izan zirela, Zegamako belar kableen informazioa jasotzea ez luke luze eraman beharko, nolanahi ere artxiboak kontsultatu, paperak aztertu, lekuak bertatik bertara ezagutu… horiek denak Zegamatik egin beharreko lanak lirateke. Proposamena hor geratzen da.

Esker ona

Sarrera labur hau idazteko hainbat eragile eta norbanakoen laguntza izan dut. Lehenik eta behin, Igartubeiti Museoko teknikariena, beraien bidez Ramonekin harremanetan jartzeko kontaktua helarazi zidatelako. Ramon Arrizabalaga bera hainbat informazio eskaini eta egindako maketa erakusteagatik. Eta azkenik, Luis Arrizabalagari bere anaia Iñakik 1961. urtean ateratako argazkiak eskuzabal blog honetan erakusteko baimena emateagatik. Milesker guztiei!