Hileko artxiboak: urtarrila 2019

Barbenutatik Pagasarrirat ta Gernika tartean.

Egur kableen erabileraz gehiago jakiteko asmoz 2018ko abuztuan Huescako lurretara egindako bi egunetako bisitak helburu bikoitza izan zuen.

Batetik, Villalanguatik gertu dagoen Finca Rompesacos ezagutuko duen jende nagusiak gure aitona Bixente Eskisabelen berririk bazuen argitzea. Horren berri aurreko artikulu honetan eman nuen.

Bestetik, Sabiñanigotik gertu dagoen Barbenuta herrixkako plazan egur kablegintzan erabilitako tresneria erakusgai zegoelaren berri Esmemoriaus bloga kudeatzen duen Carlos Tarazona ikerlariaren eskutik jaso nuelarik, Barbenutara egindako txangoa eta horretatik lortutako informazio gehigarria ikusiko dugu.

Barbenutako kablea

Barbenuta Biescas herriko auzo txiki bat delarik,  badu kablegintzaren ikuspegitik erakargarria egiten duen bereizgarri oso interesgarri bat.

Barbenutako baso batean XX. mendeko 50eko hamarkadan ezarri zen egur kable bakarraren ondarrak Casa Balbarroseko Ramonek duela urte batzuk bere traktorearekin jasotzeko lana hartu zuen eta bildutako elementuak guztiak erabiliz erakusgai jarri zituzten herriko plazan. Honatx:

Barbenutako plazan kablegintzan erabilitako hainbat elementu ikusgai 2018ko abuztuan.

Tren trabiesa batzuekin egindako panelean erakusgai jarri dituzten hainbat elementu ikusi ditzazkegu: Bolante bat, pipa, karrilloa… luzaroan iraungo al dute bertan? Eskubiko panelean aldiz, egur kableei buruzko informazio orokorra besterik ez.

Zallatik Barbenutaraino espreski joan nintzela herriko plazan zeuden emakume edadetuei azaldu nienean zur eta lur utzi nituela daitort 🙂

Herriko bizilagun nagusiak plazan solasean aurkitzea zorte latza izan zen gertuko informazioa lortzeko asmoan.

Aipatu zidatenez, Barbenutan lanean egon zen kable bakarra 1957. urtean “euskaldun” batzuek instalatu omen zuten. Hainbat testiguk ziurtatu zidatenez, Huescako egur kableen montajeak XX. mendeko erdialdean kablelari euskaldunak egiten omen zituzten soilik. Beraiek ekarri zuten altzairuzko kablearen teknologiaren ezagutza Huescako lurretara.

“Pues mi padre era de Gernika y trabajó en el cable”

Plazan bildutako Lourdesek horrela bota zidanean Zallatik egindako txangoari ezusteko etekina aterako nion traza hartu nuen.

Lourdesen hitzetan, Lucio Ansotegi bere aita “Gernikako Sakone baserrian” jaiotako semea izan zen eta Huesca aldean basogintzan jardun zen. Aidanez, Huescako basoetara 1950. hamarkadan lanera joandakoa eta Barbenutako alkatearen alabarekin ezkonduta bertan geratu zen bizitzen.

Barbenutako kablean Lucio Ansotegi gernikarrak bere gainean zuen kable honetako langile koadrillen ardura: itzainak, kablistak, mandozainak… eta guzti horien artean Barbenutako hainbat seme.

Kablearen nondik norakoak

Barbenutako kablean lanean ibilitako testiguen hitzetan, kablea hau 1956-57 urteetan martxan izan zen eta Sabiñanigoko zerrategirako pinua ateratzeko erabili zen. Bertako biztanleak itzain gisa jardun ziren, kablearen ezarpena eta desmontatzea aldiz, “euskaldunek” egin zuten. Ez zuten kableari buruzko informazio osagarririk.

Azpikaldean eta A serieko Hegaldi Amerikarraren airetiko argazkian kablearentzako basoan zehar irekitako “kalea”, kargalekua Barbenutako basoan eta Orós Bajoko deskargalekuak ikusi ditzazkegu. Sakatu irudian bere neurri osoan ikusteko.

Barbenutako kablearen ibilbidea. 1957ko abuztua. Argazkia: © IGN.es

Kable berbera Google Mapsen:

Lourdesek emandako informazioarekin eta Lucio Ansoteguiren informazio gehigarria bilatzeko asmoz, irailean Gernikara jo nuen eta Sakone baserria Muruetan eta ez Gernikan dagoela aurkituta, Sakone baserrian bizi eta Lucio Ansotegiren sendiko Maria Asunek Bilbon bizi den Jesus Mari Murelaga bere lehengusuraino iritsi nintzen.

Sakone baserria, Murueta. Lucio Ansotegi kablelariaren jaiotetxea. 2018ko iraila.

Gure ikerketarekin harremana izango duen bere osabari buruzko informazio osagarriren faltan -pena- Pagasarriko magaletan lanean erabili zen eta niretzako ezezaguna zen kable baten berri zuen lagun batekin harremanetan jarri ninduen Jesus Marik.

Urkiduko basoko kablea

XX. mende hasierako hamarkadetan Pagasarriko magaletan eta Bilboko lurretan dagoen Urkiduko basoan ere  baserriko lanetarako erabilitako kable baten berri eman zidan Seberetxeko semea den Joxe Moja Iturrizarrek.

[Huescako kable baten bidez Bilboko Seberetxe auzoraino iritsi garelarik, Seberetxe Bilbon euskararen berezko euskalkia gorde duen azkeneko auzoetakoa da. Bertako euskalkiak Arrigorriagakoarekin harremana handia du eta egun, 2019 urtean, tamalez desagertzeko bidean da. Argiako artikulu honetan auzoaren inguruko hainbat historio interesgarri aipatzen dira.]

Baina jarrai dezagun gure kableen gaiarekin.

Joxe Moja Iturrizar, Bilboko Seberetxe auzoko bizilaguna. Bere atzean Urkiduko basoa. 2018ko azaroa.

Joxe Mojaren hitzetan kable hau Urkiduko basotik Seberetxe auzoko Gorostegi parajeraino iristen zen eta garoa, otea eta belarra garraiatzeko erabiltzen zen. Bere erabilera Ataun edo Araitz bailaretako kableen parekoa zen beraz: ez zen egur kablea.

Kablea motza zen, 1200m.ko bataz besteko luzera zuen eta agerikoa den bezala A eta B serietako Hegaldi Amerikanoen ortoargazkietan ez da inongo ibilbiderik ageri.

Hala ere, Joxe Mojak emandako informazioarekin, kable honen bataz besteko ibilbidea hemen ikusi dezakegu:

Kable hau ezarri zen urte zehatza ez daki Joxek baina 1936ko gerra aurrekoa dela ziur da.

Informazio osagarriren faltan, Bizkaiko Foru Artxiboan informazio osagarria -instalazio baimenak eta planoak batipat- izango direla sinistu nahiko nuke. Honekin ere beste lan ildo bat irekitzen zaigularik, aurkitzen dudanarekin hemen emango dut horren berri, jakina.

Esker ona

Artikulu hau idazteko hainbat lagunen ezinbesteko laguntza izan dudalarik berauek aipatzea gizalegezkoa deritzot. Ezagutu ditzagun:

  • Barbenutan: Lourdes Ansotegi, Rosa Pardo Ezquerra, eta Amado Orús Puértolas, besteren artean.
  • Olivanen: Carlos Tarazona.
  • Muruetan: Maria Asun.
  • Bilbon: Jesus Mari Murelaga Ansotegi eta Joxe Moja Iturrizar.

Milesker guztiei!