Belar kablea martxan Agerre Haundin.

[Artikulu hau Español hizkuntzan ere irakurri dezakezu.]

Larunbatean egin zuen eguraldi ona medio eta eguerdirako haizea iparrera aldatu bazen ere, Ataungo San Martin auzoko Agerre Haundi baserriko lagunek belar lanei ekin zioten. Horrekin batera, jada belar lanetan ia erabiltzen ez den belar kablea erabiliz, hainbat belar sorta eta fardo etxeko ganbararaino sartu zituzten. Han izan ginen prozesu guztia argazkitan eta bideoan jasotzeko.

Kable bidezko garraioak berez ez du aparteko misteriorik, etxe gaineko belardian astoa kablearen hasiera delarik, amaiera ganbarako zutabe batean du. Tartean, 160-170m.tako luzerako kablea. Kable motza eta xumea beraz.

Agerre Haundiko belar lanak
GureGipuzkoa.net | Agerre Haundiko belar lanak © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

Esan bezala, garai batean belar kableak Ataungo baserrietan berebiziko garrantzia izan bazuen ere, Lourdes Altunaren Kablea Ataunen liburuan jasotzen den bezala, Ataunen soilik, 197 kable instalakuntza izatera iritsi zelarik, jada 2012. urtean kablea belar sortak etxera sartzeko ez da erabiltzen, alde batetik baserriek bizi izan duten gainbeheragatik, eta bestetik belar sortek ganbaran leku asko hartzen dutelako: Fardoak maneiatzea erosoagoa da eta ganbaran leku erdia eskatzen dute.

Ekainaren 16ean larunbatarekin, Agerre Haundin belar lanak egin behar zituztela jakitun, bertara gerturatu eta hamaika argazki eta bideo jasotzeko aukera eta zortea izan genuen, Euskal Herrian belar kablea martxan oso-oso gutxitan ikusteko aukera izaten baita.

Bertan hartutako argazki adierazgarrienekin, hemezortzi irudiz osaturiko galeria bana osatu dugu, bata GureGipuzkoa.net atarian eta bestea Flickr.com webgunean. Bietan argazki berberak eta informazio berbera erabili dugularik. Flickr webgunean galeria txukun honekin ere goza dezakezue.

Bideoak ere jaso genituen, bainan une honetan Interneterako 3G konexioa baino ez dugu eskura eta bideoak YouTuben ikusteko itxaron beharko duzue.

Belar sorta geldirik
GureGipuzkoa.net | Belar sorta geldirik © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

Norbaitek edukiak erabiliko nahiko balitu, hauek denak CC-BY-SA baimenpean eskuragarri jartzen ditut, On Joxemielek esan bezala: Herritik jasoa, herriari itzuli.

Kablea berriro martxan jartzeko Agerre Haundiko senideek agerturiko jarrera bereziki eskertu nahiko nuke, beraien disposizioagatik izango ez balitz, bertan harturiko argazki eta bideoak blog honetan ezingo genituzke erakutsi.

Milesker zinez!!!!!

mailmail

2 iruzkin “Belar kablea martxan Agerre Haundin.” bidalketan

  1. Pingback: Agerre Haundiko kablearen bideoak. | Kablegintza eta kablelariak

  2. Pingback: Agerre Haundiko belar kablearen bideoak. | Kablegintza eta kablelariak

Gustatu bazaizu, utzi zure iruzkina.