Etiketaren artxiboa: kablea

Kable enpalmeak: Kablistentzat oinarrizko ezagutza

Urriaren 18an Ariben kokatua dagoen Aezkoako Batzarre Nagusiaren egoitzara gerturatu zirenek, “Iratiko Errekatzaileak eta Kablistak” dokumentalaren estreinaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.

Dokumentala Nafarroako Gobernuaren babesa du eta XX. mendeko Nafarroako basogintzarekin estuki loturik egon diren -eta jada desagertu diren- lanabes eta jarduerak jasotzen dira: Barrankeadoreak eta kablistak.

Dokumentala Javier Goikoa orbaizetarra eta Martin Landa Otsagabiako kablista ohien aholkularitza jarraituz ekoiztu da eta bertan eta hainbat kontuen artean, kablegintzan jardun ziren basomutilek ezinbestean ezagutu behar zuten teknika bat erakusten da: kableen arteko loturak enpalmeen bidez egiteko teknika.

XXI. mende honetako ikuspuntutik begiratuta, kableen arteko enpalme fisikoa lortzea uxkeria teknologikoa dirudielarik, berauk egiteko abilezia menperatzea ezinbestekoa zuten XX. mende erdiko hamarkadetan Nafarroan lanean jardun ziren basomutil kablistentzat.

Sociedad Franco Española de Cables (SFE)

Erandio, Bizkaian kokatua dagoen Sociedad Franco Española de Cables XX. mendeko hego Euskal Herriko basogintzan erabiliko ziren altzairuzko kableen hornitzaile nagusia izan zen.

Basogintzan historikoki martxan izan ziren kableen luzerak anitzak izan ziren. Bai ehundaka metroetakoak, zein Erremendian Bixente Eskisabelek 1930-40ko hamarkadetan ustiatutako 14km.tako trikable sare ezaguneraino.

Azpikaldeko bina argazkietan, 2011n oraindik ere Orotz-Beteluko lurretan Erremendiako kable portantearen azken aztarnak ikusgai zeuden. (2013. urterako jada desagertu ziren.)

  • Erremendiako_kablea_02
  • Erremendiako_kablea_01

Erremendiako 14 km.tako trikable sarea adibide gisa hartuta, tamaina honetako kable sare honek zer adierazten digu? Bixente Eskisabelen aginduetara zeuden kablistak 14 km.ko luzera zuen kable zati bakarreko instalazioa gauzatu zutela?

Erandioko SFEk izan, agian izango zuen 14km.tako kable bobina bakarra ekoizteko gaitasun teknologikoa, baina horrela izango balitz ere, horrelako bobinatzarra Erandiotik Erremendiara kamioiz garraiatzeko ezinezkoa suertatuko zen. Zer esanik ez, basoan barrena horrelako karga izango zuen bobina bat maneiatzea.

Ohar bat aurrera jarraitu aurretik: Basogintzan erabiltzen zen trikablea, hiru kablez osatutako instalakuntza bat zen. “Portanteak” 35mm.tako diametroa zuen eta 28 mm.tako “retur”arekin batera, biak finkoak ziren. “Kurdinaren” kasuan aldiz, 16mm.tako diametroa zuen eta kargalekua eta deskargalekuaren artean zirkuitu itxi bat osatzen zuen eta berari lotzen ziren egurra eusten ziren karrilloak.

Ondorioz eta basoko kablisten lana errazte aldera, basogintzan erabiltzen ziren kableen luzerak Erandioko lantegitik neurri hauekin etortzen ziren: 35mm.tako kablea 800m.tako bobinetan. 28mm.tako kablea 1200m.ko bobinetan eta 16mm.tako kablea 1500m.ko bobinetan. Erremendiako adibidearekin jarraituz, 14km.tako instalazioa beharrezkoa bazen, beharrezko sekzioak beraien artean lotuz – enpalmatuz- gauzatzen ziren “portantea” eta “retur” kableak. Agerikoa den bezala, “kurdina” kablearen kasuan sekzio kopuru bikoitza zelarik beharrezkoa.

Azalpen teorikoa SFEren 1965eko katalogoan

Altzairuzko kableak hiru zati ditu: Bihotza, kordoia eta alanbrea.

Altzairuzko kable bat hiruna zatiz osatuta dago: Kordoia, alanbrea eta ehun begetalez osatutako soka bat bere bihotzean. Kordoien eta alanbreen kopurua eta diametroak bezeroen beharren nahieran izan daitezkelarik.

Arestian aipatu bezala, kablistek ezinbestekoa zuten kable enpalmeak basoan egiten jakitea. Baina nola egiten ziren enpalme hauek orduko baliabide eskasekin? Eta enpalmeak egiterakoan, Erandiotik zetozen kable bobinak elkarrekin lotzeko egiten ziren soilik?

Bi kable elkarrekin lotzeko azalpen teorikoa SFEk 1965an publikaturiko katalogo komertzialean dugu ikusgai. Lehenik, lotu behar ziren bi zatien kordoiak 12 metroko luzeran askatu behar ziren.

A kableko a-b distantzia eta B kableko c-d distantzia 10-12 metroetakoa izaten zen bataz beste.

Jarraian bi zatietako askatutako kordoiak elkarrekin batu behar ziren. Zati baten kordoiak uzten zuen espazioa beste zatiaren kordoiaren espazioarekin osatu behar zuen. Eta prozesu hau kable helikoidalaren kordoi guztiekin egin behar zen. Alanbreak ez ziren askatzen.

Bi muturretako kordoiak askatzen ziren.
Kablistari indar fisiko handia eskatzen zion kableak enpalmatzeko lana.
SFEren katalogoan ere espadinen erabilera agertzen zaigu.

Bi zatietako kordoiak mugitu eta elkarrekin finkatzeko “espadinas” izeneko altzairuzko eskuzko herramintak erabiltzen ziren eta kablistari egoera fisiko ona eta lana tentuz egitea eskatzen zion: 35mm.tako kable portante batean enpalmea egiteko, bere kordoiak mugitzeko lan fisikoa itzela zen eta arriskutsua ere bai behatz bat galtzeko arriskua baitzegoen.

Kable enpalmeak egiteko erabiltzen ziren espadinak.

Kableak bi arrazoiengatik enpalmatu behar izaten ziren. Batetik, trikable instalakuntza berri bat egiterakoan beharrezko luzerako kableak lortzeko. Bestetik, trikable instalakuntza bat lanean ari zela kable bat puskatzea jasaten zituen kargak eta tentsioak gehiegizkoak zirelako. Puskatzen zena kable portantea bazen, kable horretatik zintzilik zeuden kargak lurrera erortzen ziren kablearekin batera. Triskantza latza izaten zen: Kargak karrilloetatik askatu beharra zegoen, karrilloak kabletatik, zatitutako kablea berriro enpalmatu… eta hau dena, eguzkipean, euripean, basoaren erdian, maldetan… nekez irudikatzen dugu 2019ko begiekin ze nolako lanak ziren hauek.

Martin Landa: 83 urteko trebetasuna behatzetan

2018ko maiatzean eta enpalmeak egiteko teknika erakusteko asmoz, Otsagabiako Martin Landa kablista ohiak erakustaldi praktikoa egin zuen berarekin bildu ginen lagun batzuekin. Argazki eta bideotan, kableen enpalmearen prozesua nola egiten zen “usaina hartzeko” balio digu:

Egun horretan grabatutako bina bideo hauetan ere prozesuaren atal ezberdinak ikusteko aukera dugu. Bietan prozesuaren amaiera ageri zaigu. Lehenengoan, azkeneko kordoia kablearen barnean dagokion posizioan sartzen ari dira:

Bigarrengo bideoan aldiz, beste kordoi bat bere azkeneko posizioan sartzen ageri zaigu.

Kableak enpalmatzen amaitutakoan, loturaren puntuan ez zen igarri behar inongo marka, lodiera edo arrastorik. Hor zegoen teknika hau ondo egiten jakitearen garrantzia.

Eta kablea mozteko??

Rotaflex eta esmerilak iristear zeuden garaietan aizkoraz eta harri baten laguntzarekin mozten ziren kableak. Ez zegoen beste aukerarik. Goizean goiz babak eltzetik bapo gosalduta ezinbestean egin beharreko lanak!!

Altzairuzko kablea aizkoraz eta harri baten laguntzarekin nola mozten zen Javier Goikoaren erakustaldia.

Jaso dezatela azalpen xume honekin Martin Landak, Jesus Mari Larrañetak, Eduardo Arrosagaraik, Severo Llopisek eta Javier Goikoak blog honen aitortza eskainitako erakustaldiagatik eta jakina, eguneroko jornala baldintza oso gogorretan irazten zuten Euskal Herriko basoetan lanean jardun ziren kablista guztiak. Eutsi goiari!

Jean Moretti Iparraldearen Orena saioan.

EiTBko Pantxika Delobel kazetariak Mugerren bizi den Jean Morettiri Iparraldearen Orena saiorako eginiko elkarrizketa lortu dugu ta azpikaldean eskuragarri duzue.

Jean Morettiren aita eta osaba italiarrek izan ziren egur kableak Euskal Herrira lehen aldiz ekarri zituztenak. Jarraian, egur ustiapen sistema hau Pirinioetan eta Euskal Herri osoan luze eta zabal hedatu zen.

2012ko ekainaren 2an Jean Morettiren etxera egin genuen bisitan hainbat ikerketa ildo  eta ohar berriak luzatu zizkigun.

Agerre Haundiko belar kablearen bideoak.

Ataun San Martingo Agerre Haundi baserriko belar kablearen bideoak ikusgai ditugu. Aurreko postean bertan hartutako argazkiak erakutsi bagenituen, oraingoan bertan hartutako bideo sekuentzietatik, YouTuben dugun Kablegintza kontupean hiru jarri ditugu ikusgai.

Agerre Haundi gaineko belarditik etxeko ganbararaino belar sortak eta fardoak kablez sartzeko prozesua da bideoetan erakusten dena.

Azpikaldeko sekuentzia, jeitsi genuen lehenengo belar sortakoa da:

Bigarren bideo sekuentzian aldiz, kablearen erdian ganbararaino sartu gabe geratu zen belar sortari bultzatzeko bidali genuen sorta eta fardo bidalketa ageri da. Hala ere, hau ere, ganbarara sartu ezinik geratu zen eta bi bidalketak etxera gerturatu asmoz txirrika bat eskuz bultzatu beharrean izan ginen. Azkeneko prozesu hau azkeneko bideoan ageri da:

Pasadizo hauek guztiak kablearen egoera kaxkarraren medio gertatu zitzaikigun. Kontu egin behar dugu, garraio sistema hau jada ez dela erabiltzen edo behintzat oso arraroa dela berau erabiltzea, ondorioz, kablea erdoila janda eta zeharo lasatuta dago, ondorioz kargak etxera sartzeko prozesua zailtzen delarik.

Bi post hauetan jasotakoa Agerre Haundiko sendiari eskerrak emanaz amaitu nahiko nuke. Beraientzako trastornoa izan baizen kablea martxan jartzea eta beraien burua eskaini baizuten garraio sistema hau berriro martxan jarri eta prozesua argazki eta bideoetan jaso ahal izateko.

Milesker!!

Belar kablea martxan Agerre Haundin.

Larunbatean egin zuen eguraldi ona medio eta eguerdirako haizea iparrera aldatu bazen ere, Ataungo San Martin auzoko Agerre Haundi baserriko lagunek belar lanei ekin zioten. Horrekin batera, jada belar lanetan ia erabiltzen ez den belar kablea erabiliz, hainbat belar sorta eta fardo etxeko ganbararaino sartu zituzten. Han izan ginen prozesu guztia argazkitan eta bideoan jasotzeko.

Kable bidezko garraioak berez ez du aparteko misteriorik, etxe gaineko belardian astoa kablearen hasiera delarik, amaiera ganbarako zutabe batean du. Tartean, 160-170m.tako luzerako kablea. Kable motza eta xumea beraz.

Agerre Haundiko belar lanak
GureGipuzkoa.net | Agerre Haundiko belar lanak © CC BY-SA: Xabier Eskisabel

Esan bezala, garai batean belar kableak Ataungo baserrietan berebiziko garrantzia izan bazuen ere, Lourdes Altunaren Kablea Ataunen liburuan jasotzen den bezala, Ataunen soilik, 197 kable instalakuntza izatera iritsi zelarik, jada 2012. urtean kablea belar sortak etxera sartzeko ez da erabiltzen, alde batetik baserriek bizi izan duten gainbeheragatik, eta bestetik belar sortek ganbaran leku asko hartzen dutelako: Fardoak maneiatzea erosoagoa da eta ganbaran leku erdia eskatzen dute.

Ekainaren 16ean larunbatarekin, Agerre Haundin belar lanak egin behar zituztela jakitun, bertara gerturatu eta hamaika argazki eta bideo jasotzeko aukera eta zortea izan genuen, Euskal Herrian belar kablea martxan oso-oso gutxitan ikusteko aukera izaten baita.

Jarraitu irakurtzen