NEANan gordetzen den iraganeko Nafarroako Foru Diputazio Probintzialaren Mendi Zuzendaritzaren funtsa zazpi urtez aireko kable instalazioen bila “orrazten” bota ondoren, tunelaren amaiera ikusten hasia naiz jada.
Berez, eta blogeko sarrera hau publikatu ahala, 1970. urteko espedienteen kontsultatzea ia amaitutzat jo dezaket eta 2026ko amaierarako 1973. urteari dagozkion espedienteak kontsultatuta funtsaren miaketa bukatutzat jo dezaket.
Baina funts honetan ez dira soilik zaintzen aireko kableen instalazioekin eta zerbitzua ematen zieten baso ustiapenekin lotutako espedienteak; Udalek, Kontzejuek eta Batzorde Nagusiek ere gai horrekin lotutako artxiboak zaintzen dituzte. Aspalditik arreta piztu zidan artxibo horietako bat bazegoen, baina, arrazoi logistiko eta geografikoak tarteko, “etorkizunean bisitagarri” gisa zerrendatua neukan, funts hau, Fondo Documental del Monte deritzonaren funtsa da.
Fondo Documental del Monte deritzona, fisikoki Centro Nacional de Capacitación Agraria (CENCA) erakundearen instalazioetan gordetzen da, San Fernando de Henareseko (Madril) kanpoaldean dauden pabiloi batzuetan, eta bertan gordetzen dira nekazaritza eta basogintza gaiekin lotutako Espainiar Estatuko Administrazio Orokorraren menpeko erakundeek eta administrazioek XIX-XX. mendeetan zehar sortu duten administrazio-informazioaren funtsak.
Pazko Astea
Neronen eta hamaika lagunen agenda ugari orekatzea lortu ondoren, joan den Pazko Astean CENCAra hurbildu ahal izan nintzen, eta, bi egunetan, artxiboari usaia hartzeko ahal izan nuen: zer zaintzen den, nola dagoen antolatuta eta zer erosotasun eskaintzen duen biltzen duen informazioa kontsultatzerakoan. Hastapeneko harremana izan zen; izan ere, susmoa dut beste batean itzuliko nintzela, eta aitortu behar dut etxera oso sentsazio onekin itzuli nintzela, bai aurrez adierazitako puntuengatik, bai teknikari arduradunek nire zalantzei erantzuteko eta kutxak, kutxak eta kutxak kontsulatzeko eskaerei erantzuteko eman zizkidaten erraztasunengatik. ;-)

Funtsen deskribapen-mailari dagokionez, NEANn gordetzen den Mendi Zuzendaritzaren funtsean dagoenaren antzeko kasuistika aurkitu nuen: Ez dago oso deskribapen sakonik — logikoa, beste alde batetik — kutxek gordetzen dutenari buruz, eta horrek kutxaz kutxa kontsultatzera eta espedientez espediente zerorren interesekoa den gaia kontsultatzera behartzen du ikertzailea, blog honen kasu zehatzean, Euskal Herriko aireko kableen instalazioak. Nolanahi ere, Mendi Zuzendaritzaren funtsa kontsultatzetik nekarren eskarmentuarekin, errazagoa egin zitzaidan kutxen artean murgiltzea eta espedienteak zeharka irakurtzea. Laburbilduz, interesatzen zaizuna aurkitzeko hara joan behar da, ez dago besterik.
Ta zer agertu zen?
Aurkitu nituen gauza interesgarri ugarien artean, 1961eko bost orrialdeko txosten bat nabarmenduko nuke, Nafarroako Foru Aldundiko Mendi Zuzendaritzak, Patrimonio Forestal de Estadoko zuzendaritzak propio eskatuta. [Oharra: antzinako Patrimonio Forestal del Estadoko artxiboa hemen dago CENCAn].
Txostena Aezkoa mendian 1961. urtera arte egin ziren aireko kable instalazioen zerrenda jasotzen du, oso zehatza da instalazioei dagokienez, eta mapa dasokratiko polita du, bolaluma gorriz markatutako aireko kableen ibilbideekin. Hona hemen MAPAMAko teknikarien lan adeitsuari esker eskura:

Eta azpiko irudian, kale bera ustiapen desberdinetarako nola eta zergatik partekatu zen azaltzeko aitzakia gisa balio digun xehetasuna. Azaltzen dena Txangoa eta Murukoa arteko eremua da, eta NEANn eta FDMn bildutako informazioaren arabera, mapan “1“gisa markatutako kableari buruzko lehen instalazioa 1987an desagertu zen Noaingo Vda. de Mocholíenpresak egin zuen, 1946an. Ez dago jasota, eta ezin da baieztatu, baina inguru horretan eta data horietarako azpiegitura osoa instalatzeko lana seguruenik Bixente Eskisabel Urbiztondo kablelari ataundarrari azpikontratatuko zioten.

Baina txostenean bada ñabardura ttiki bat interesgarria dena, instalazio batzuetan kableen ibilbideko kaleek antzinako baso-aprobetxamenduetan irekitako kaleak aprobetxatzen zituztela deskribatzen eta baieztatzen duelako. “Antzinakoak” diot, baina 1940ko hamarkadako ustiapenez ari naiz.
Eta zein da Vda. de Mocholík hemen 1946. urtean aireko kable baten instalazioaren xehetasuna? Oinarrian, Txangoako pagadian 3090 metrotako luzeran eta 5-6 metrotako zabaleran ireki behar izan zen kalea hutsetik ireki behar izan zutela. Hemen zipeatuta bere ibilbidearen .kml fitxategia Google Earth, QGIS programekin ikustea izango duzu.
Agerikoa den bezala, 3000 metro pasatako kale bat -zuzena- irekitzeko lanak, pagadi batean hutsetik hasita, muino eta errekastoak zeharkatuz, eguzkipean, euripean… langileek asteak botako zituztela suposatzekoa da. Jakina, ustiapena amaitu eta kablearen elementu guztiak bildu ondoren, kalea basoan irekita eta etorkizuneko ustiapen eta instalazioetarako erabilgarri geratzen zen. Horixe da RENFEk 1952an, El Irati, S.A.k 1958an eta RENFEk azken aldiz 1960an egin zituzten ustiapenen kasua. Abantaila handia enpresa horientzat, Vda. de Mocholík azpikontratatutako aizkolariek aldez aurretik irekitako kale bat erabiltzen baitzuten.


Txostenak eta mapak Iruñeko NEANra egindako bisitetan eta Iratiko inguru honetako ortoargazki historikoen analisian jada bilduta neuzkan aireko kableen instalazioei buruzko informazioa alderatzeko balio didate. Alegia, txostenean eta mapan agertzen diren ibilbideak ez zitzaizkidan ezezagunak.
Azpikaldeko irudi honetan, mapako 2. zenbakiarekin agertzen den kablearen 1946ko uztailaren 22ko ortoargazkia erakusten da. Ikusi daiteken bezala, deskarga-lekua, egungo NA-2030 errepidearen ertzean kokatzen den “La Calera” gunean zegoen, Orbaizetako Arma Fabrikatik oso gertu. Ibilbide hau bi alditan erabiliko zen soilik, 1945ean, Vda. de Mocholík ireki zuenean eta 1959an El Irati S.A.ak berrerabili zuenean. Sakatu irudien gainean xehetasun gehiagorekin ikusteko.

Esker ona.
Nire eskerrik beroenak eman nahi dizkiet bai CENCAn, bai Rociorekin hasi eta Silvia, Bea… guztiekin jarraituz, profesionalki hain adeitsua izan zen talde teknikoari, bai Vanesari Nekazaritza Ministerioaren egoitza nagusian eskaneatutako planoak 0 €-ko kostuan bidaltzeagatik!! Beraien aholkurik eta oharrik gabe, ezinezkoa izango zitzaidan Euskal Herriko landa-ingurunean eta basoetan erabili ziren aireko kableen inbentarioan hain baliagarria zaidan informazio hau aurkitzea.
CENCAko kantinan kafea pastekin lagunduko dugu! 😀
Mielsker, neskak!!











