Kategoriaren artxiboa: Kablelariak

Kablegintzan jardun diren norbanakoak sailkatzeko balio duen atala.

Vicente Esquisabelen “salvoconductoa” aurkitu dugu.

A ze sorpresa!

Gure aitona zenari aipamena egingo zioten dokumentazioa kontsultatzeko baimena jaso ondoren, atzoko egunean Iruñean egoitza duen Nafarroako Epaitegi Nagusiko artxiboa kontsultatzen jardun ginen Inazio eta biok.

Hainbat paper eta dokumentazio aurkitu genituelarik, 1950ko hamarkadan Irati aldeko inguruetan ibiltzeko baimena ematen zion “Salvoconducto” agiria agertu zitzaigun. Sorpresa mundiala izan zen.Bainan agiri hau eta hainbat informazio bertako langileen laguntza izan ezean ez genituen aurkituko. Bereziki eskertu nahi diegu Iñaki Montoya bertako artxiboko arduradunari eta berarekin batera lanean diharduten Iñaki eta Teresari emandako laguntza eta iradokizunengatik: Langile prestu eta finak ezbairik gabe!

Mila-mila esker Inazioren eta nire partez!!!

Jean Moretti Iparraldearen Orena saioan.

EiTBko Pantxika Delobel kazetariak Mugerren bizi den Jean Morettiri Iparraldearen Orena saiorako eginiko elkarrizketa lortu dugu ta azpikaldean eskuragarri duzue.

Jean Morettiren aita eta osaba italiarrek izan ziren egur kableak Euskal Herrira lehen aldiz ekarri zituztenak. Jarraian, egur ustiapen sistema hau Pirinioetan eta Euskal Herri osoan luze eta zabal hedatu zen.

2012ko ekainaren 2an Jean Morettiren etxera egin genuen bisitan hainbat ikerketa ildo  eta ohar berriak luzatu zizkigun.

Miguel Eskisabelen azalpenak

2011ko irailean Miguel Eskisabel gure osaba elkarrizketatzeko aukera izan genuen. Osasunez pattal dabil bainan gure galderak erantzuteko prest agertu zitzaigun ta zinez eskertzen diogu.

Miguel, bere aita Bixente Esquisabelekin batera kable muntaketan makina bat urtez jardun zen ezkondu eta mendi utzi zuen arte. Elkarrizketan horiek eta beste hamaika pasadizo azaldu zizkigun.

Azpikoa, grabatu genion saioko tarte labur bat baino ez da, orotara ia ordu t’erdiz jardun baiginen. Etorkizunean bideo gehiago eskuragarri jarriko ditugu.

[youtube=http://www.youtube.com/watch?v=zKNOey7qf14&w=480&h=360]

Bixente Esquisabel sustatzaile eta ekintzailea

Bixente Esquisabelen inguruan gehiago jakin nahia izan da blog eta baliabide hauek guztiak martxan jartzeko arrazoi nagusia.

Gure aita eta aitona izandakoa, 1899. urtean Ataungo San Gregorio auzoko Artaditxulo baserrian jaio zelarik, 1955eko otsailaren 28an kontestu ez oso garbian Iruñan zendu zen.

Bixente Esquisabel
GureGipuzkoa.net | Bixente Esquisabel © Sin Restricciones…: Ezezaguna

Euskal Herriko kablegintzan aitzindaria, Ataungo, Nafarroako eta atzerriko hamaika kable instalakuntza sustatu zituen, hala nola, Ansó, Zuriza, Candanchú, Andorra… Bere aginduetara makina bat langile izatera iritsi zen, bere garaian Ataungo “potentatuen” artean izan zelarik.

Bixenteri buruz dakigun guztia blog honetan jartzen saiatuko garelarik, gure ikerkuntzaren inguruan edozein informazio gustora jasoko genuke.
Argazkian Bixente, bere emaztea Donata eta eskubian emakume ezezagun bat ageri dira.