Ziordia-Olazti egur kablearen nondik norakoak

Jesús Lacasia zenak Explotaciones Forestales RENFEren Nafarroako arloaren nagusi gisa jardun zeneko argazki bilduma digitalizatu nedin 2015eko udaran utzi zidan. Jesús, urte bereko urrian joan zitzaigun.

Utzi zizkidan argazki gehienak Nafarroako mendietako kokapen ezezagunetan hartutakoak direlarik, berauk nongoak diren jakin nahian ezinean nabil. Hala ere, zenbaitzutan argazki hauek lokalizatzea lortzen dut. Blogeko gaurko sarreran horietako bat dakart.

Jesús Lacasiak utzitako argazkien artean, “Ziordia, 1956” izenburuko bosna argazkiko sorta bat dago. Hauetxek:

Ziordia-Altsasuko egur kablea

Ziordia-Altsasuko egur kablea. Jatorria: © Jesús Lacasia 1956

Egur karga bat agertzen den argazkiaren atzekaldean Beriain nekez ageri delarik, ez nintzen gai hau eta serie berekoak tajuz eta zuzen geokokatzeko.

Duela aste pare bat serie honetako egur kargaren argazkia non hartua zegoen -gutxi gora behera- Google Earthen laguntzarekin lortu nuen.

Argazkiaren azpikaldean Irun-Madril trenbidea ageri dela ohartu nintzen eta atzekaldean ageri zen herria ez zen Ziordia, Altsasu baizik!

Erabateko ziurtasuna lortze aldera, SITNAko 1956-1957 urteetako ortoargazki historikoak errepasatuta… ez zen ageri. Redios.

Baina kontuz. EAE eta Nafarroa arteko muga bertan dagoelarik, GeoEuskadi Bisoreko 1956ko ortoargazki historikoan kable honen ibilbidea agertu zitzaidan!

Hau gauza oso kuriosoa da, 1956ko hegaldi berbera SITNAn ez, baina GeoEuskadi Bisorean bai agertzearena. Urte berekoak, baina data ezberdinekoak izango dira ziurrenik.

Nola edo hala, kablearen kokapen zehatza hemen ikusi dezakezue:

RENFEko egur kablearen ibilbidea. Sakatu bere gainean handiago ikusteko. Jatorria: © GeoEuskadi Bisorea.

Google MyMaps erabilita horrela ikusten da:

Altzaniako kable bakarra

Zaraitzun, Aralar edo Kintoan makina bat dira ezarri ziren egur kableak. Altzanian ere erabiliko ziren baina ez eskala hain handian.

Gaurkoa Altzanian ziurtasunez identifikatuta daukadan kable bakarra da, berez, kable laburra zen, 1610m. baino ez eta “Ziordia-Olazti” bataiatu badut ere, honek ez du esan nahi bi herriak lotzen zituenik, bi herrien arteko udal lurretan kokatua zegoela baizik.

Jesus Lacasiaren bildumakoa izanda, Explotaciones Forestales RENFEk ezarri zuela ziurtatu dezaket. Kable honen berezitasun gehiagoren berri izateko AGN-NAOn bere espedientea aurkitu beharko nuke, baina lan hori beste baterako utzi beharko dugu.

Aezkoan 24 izan ziren egur kableak.

Nafarroan XX. mendean lanean jardun ziren egur kableen ibilbide zehatzak sailkatzeko, inguruak sakonki ezagutzen dituzten herritarren laguntza ezinbestekoa da.

40 kg.tako karrilloarekin ezinean.

2016ko abenduan publikatu nuen hamar egur kableen zerrenda osatzera dator gaur hemen publikatzen dudan zerrenda eguneratua. Orduan, egur kableak hamar zirela aipatu nuelarik, 2017ko abuztuan Javier Goikoa eta Jesús Marirekin Aezkoako hamaika txokoetatik barna egindako txangoetan ikusi eta ikasitakoari esker, orotara 24 dira Aezkoan zerrendatu ahal izan ditugun egur kable historikoak. Eta oraindik ere baten batek alde egingo zigun ziurrenik.

2018ko abuztuko argazkian ezinean eusten agertzen naizen karrilloa Aezkoako bizilagun batek mendian aurkitu ta bere etxera gerturatutakoa da. Oraindik 2018an Aezkoako mendietan badira kablegintzaren aztarnak.

2016an publikatu nituen hamar kableak SITNAn 1956ko ortoargazkietan agertzen direnak dira. Ordutik eta Javier Goikoa eta Jesús Mariren laguntzari esker, ortoargazki horietan agertzen ez diren beste hamalau zerrendatu ditugu. Horretarako, SITNAko ortoargazkiez gain, Espainiako IGNko eta batipat Frantziako IGNFko ortoargazki historikoen serieak erabilgarri izan zaizkit. Hurrengo lana, aurkitutako kableen espedienteak NAOan aurkitzean datza.

24 ibilbideak

Hogeitalau kableen ibilbideak ikuskatzeko, deskargatu ezazu .kml fitxategia ezkerreko irudian sakatuz.

Jarraian, Google Earth ireki eta bertatik bertara erosoki ikusiko dituzu geokokatutako hogeitalau egur kableen ibilbideak.

Ohar bat Erremendiako kablearen inguruan. Nire aitona zen Bixente Eskisabelek ezarritako Erremendiako kable honen ibilbidea Abaurreagainako udal eremuetan zuelarik bere kargagune nagusia, Aezkoako kableen multzoan sartu dut. Jakinda ere, deskargalekua Orotz-Betelun zeukala Aezkoatik at, alegia.

.kml fitxategia Google Earth-en irekitzerakoan,  itxura honekin agertuko zaigu:

Zuk beste kableren baten informaziorik izango bazenu, gustora izango nuke horren berri. Bidali lasai emaila xabier abildua eskisabel.net helbidera eta mapan txertatzeari ekingo diot.

Eskerrikasko aurretik!

Geokokatutako Nafarroako egur kable -ia- guztiak eskura

Bi urte daramat Nafarroan XX. mendean lanean izan ziren egur kableen geokokapenak bilatzen eta aurkitzen ditudanak gordetzen. Denbora honetan aurkitu ditudan 112!! ibilbideak erakargarriago egite aldera, horietako batzuk Geokokatutako ibilbideak goikaldeko menuan kontsultagarri jartzeari ekin diot. Hala ere bertan ez daude guztiak eta momentuz, ez ditut gehiago txertatuko.

Zaraitzu Ibaxako hogeitalau egur kableen ibilbideak.

Geokokatutako ibilbideak atalean Nafarroako SITNA, Espainiako IGN, Frantziako IGNF eta gutxiago baina baita ere EAEko geoEuskadi Bisorea atarietako ortoargazki historikoetan aurkitu ditudan zenbait ibilbide partekatzeari bi arrazoiengatik utzi dut. Jarraitu irakurtzen

Aezkoako Ibarra: Nafar Pirinioetako lehenengo egur kablea 1934. urtean

Nafarroako Pirinioetan martxan egon ziren kableen informazioa partekatzeko nire lanarekin jarraituz, oraingoan Aezkoa Ibarrean aurkitu ditudan egur kableen txanda da.

Berez, Aezkoako kableek ez dute berezitasun teknologiko berezirik aldameneko ibarretako egur kableekin.

Hala ere, Nafarroako Pirinioetan mugaren hegoaldean lehenengo egur kablea Aezkoako Ibarrean ezarri zela esateko moduan gaude. Zehazki, 1934. urtean eta Hiriberriko basoetan.

Jarraitu irakurtzen